ARTISAU AUZOA
Artisau Auzoa
ARTISAU AUZOA
Artisauen eskuak, hatz sentikorrak eta eskarmentu handikoak dira, beharbada, artisauen abiltasun handiaren erakusgarri argienetakoa. Ondo ezagutzen ditu erabiltzen dituen materialak eta haien esku trebeek beharrezkoak diren objektuak sortzen dituzte. Artisautzako lanbideak ugariak bezain anitzak dira. Egungo erronka nagusia, beraien jardunean jarraitu ahal izatea da, geroz eta azkarrago aldatzen ari den mundu honetara moldatuz, beti ere esentzia eta berezkoak dituzten ezaugarriak galdu gabe.
ZER DA?
Artisau auzoa Bizi Errenteria, herriko ekonomia suspertzeko estrategiaren barruan kokatzen da. Ekimen konkretu honek hirigune historikoa birgaitzea du helburu, bertan dauden lokalak zaharberritu eta erabilera berri bat emanaz. Artisautza, sormena eta tokiko merkataritza suspertzea bultzatu nahi du. Esperientzia pilotu gisa, kulturarekin, artisautzarekin eta sormenarekin lotutako jarduerak bertan garatzeko aukerak ahalbidetzen dira, artisautzari lotutako nortasun bereziz hornitzeko.
Udalak Artisau Auzoa egitasmoaren bidez, herriko merkataritza eta jarduera ekonomikoa suspertzeko ahaleginetan jarraitzen du, indarrak batuz.
Artisau Auzoko kideak
Idoia Lizeaga, bitxigile artisaua eta lore maisua
Idoia Lizeaga bitxigile artisaua eta lore-maisua da. Errenteriako Erdiko Kalean dauka bere estudio-tailerra, bertan, dakizkien teknikak eta baliabideak jendeari erakutsi eta normalean ikusten ez diren artelan edo artisau lanak erakusteko aukera ematen dio.
Nahiz eta egoera zaila den, aukera asko ikusten ditu Idoiak bere lana Artisau Auzoan garatzeko.
Idoiaren estudio-tailerra Errenteriako Udalak zaharberritu zuen ere, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin. Horrek bultzada handia eman zion bere jarduera bertan abian jartzeko. Horrez gain, beste artisau eta eragileekin saretzeko aukerak ere sortu ziren.
Info+: idoializeaga.com
Helbidea: Erdiko Kalea, 15.
Ikusi zer dion:
Ainhoa Redondo, ilustratzailea
Ainhoa Redondo irudigilea, margolaria, ikus-entzunezko sormenean aritutakoa, txikitatik hasita ibilbide luzea egin du marrazketa munduan baina ipuingintzak eta ilustrazioak txunditu zuen eta hainbat libururi freskotasuna eta alaitasuna eman die bere ilustrazioen bidez, hala baitira bere irudiak; ederrak, freskoak, alaiak, izaera propioa duten horietakoak.
Ainhoa Redondo ilustratzaileak bere tailer propioa egokitu berri du hirigune historikoan. Bertan, betidanik gustuko izan dituen sorkuntza lanak gauzatu eta erakusten dabil.
"Ilustrazioek haurren eta helduen mundua batzen ditu; atsegina da, kontu-kontari dabil han-hemenka eta irudiez eta sentsazio berriez mamitzen ditu ipuinak ondorio ederrak sortuz... "
HABIAN! Inkubagailuan egon bitartean hainbat proiektu jarri ditu martxan, OROIMIN bilduma, besteak beste, BARRUTIK KANPORAKO IRRIAK eta argitaletxe ezberdinetan ere aritutakoa da, horien artean Denonartean, Elkar, Ikastolen Elkartea, Desclee eta Ibaizabal.
Info+: ainhoaredondo.eus
Helbidea: Erdiko kalea 32W
KROMOSOMA. Eva Diaz de Isla eta Alberto Monroy
Errenteriako Artisau Auzoak bizilagun berria dauka, KROMOSOMA tailerreko kideak kokatu dira Erdiko kaleko 13.zenbakian dagoen lokalean.
KROMOSOMA dagoeneko ibilbide luzea duen enpresa da, Eva Diaz de Isla eta Alberto Monroyk 2014.urtean sortua, tailerra dute Beraunen eta orain Artisau Auzoko lokal honetan beraien produktuak saltzeko aukera ere izango dute.
Zurezko jostailu didaktikoak diseinatzen eta ekoizten dituzte eskuz, ingurumena errespetatzen duten materialekin eginak. Haurren garapenean beraien aletxoa jarri nahi dute, bai eta haien familien garapenean ere, partekatutako jolasaren une berezi horretan parte hartuz eta psikomotrizitatea, garapen motorra, adimen bisuala, irudimena, sormena bezalako arloak landuz. Horrez gain, kalea hainbat tailer antolatzeko edo jolasteko espazio gisa berreskuratzea dute helburu, baita jostailuen zaharberritzea ere.
Arestian aipatu bezala, bost urte baino gehiago daramatzate artisautzan profesionalki, hainbat proiektutan ibili dira, lankidetzan Errenteriako udalarekin eta beste hainbat eragileekin eta erakundeekin; familien kontziliaziorako programa Don Boscorekin, Bisortu proiektua Emaus Taldea gizarte fundazioarekin, Emakumeen bira etapako lankidetza Errenterian, Errenteriako Udaleko Gizarte Zerbitzuekin "ateak zabalduz" programan partaidetza, Errenteriako Gurutze Gorriarekin hainbat kolaborazio, Tknikako erakusketan parte hartzea, Eskulanak Laguntasuna erretiratuen elkartean, besteak beste.
Era berean, jostai luez gain, tailerrean prestatutako kaleko jolasen aukera zabala dute, interesa izan dezaketen kolektiboen eskura jartzen dituzte: ikastetxeak, auzo-elkarteak, haur-taldeak, etab.
Horrez gain, tailer ugari eskaintzen dituzte, tarteka iragarriko dituztenak: sortu zure jostailua, sortu zure goitibera, sortu zure txontxongiloak, bizikletazko piezak birziklatzea, zuraren gaineko serigrafia,... Elkarlanerako eraikuntzak, ekitaldietan dekorazioa eta hiri-dekorazioa ere lantzen dute.
Info+: kromosomatailerra.com
Helbidea: Erdiko Kalea, 13 (Errenteria).
ZITUENE - PASTA OBRADORE KOOPERATIBOA
Naiara Retegik eta Iker Eizagirrek Zitueneko obradorean zereal ezberdinekin egindako pasta artisau eta ekologikoa ekoizten dute gertuko lehengaiekin. Beti ere lurra eta pertsonekiko errespetutik abiatuz, kalitateko produktuak eskaintzen dituzte, hala nola pasta freskoa, lehorra, lasagnak, pasta beteak eta saltsa goxoak. Lehen bezala, salmenta zuzena egiten da lantegian bertan, ekoizpena ikusteko aukera dagoelarik. 2018an ireki zuten obradorea Errenteriako kasko historikoko Erdiko kaleko 10 zenbakian.
Info+: zituene.eus
Helbidea: Erdiko Kalea, 10 (Errenteria).
ARTISAU AUZOA - MAPA